Non eta nola

2014koa eta 2015koa oraindik ere mundu osoko herrialde garatuak ezegonkortzen dituen krisi ekonomikoak markatutako ekitaldiak izan dira. Alabaina, guztiei ez die modu berean eragin: ekoizpen-ereduak berrikuntzari, bere edozein formatan, gehiago menpekoturik dauden lurraldeek neurri txikiagoan jasan dituzte, hain zuzen, ondorioak eta asko sendoturik ikusi dira krisia gainditzen saiatu direnean.

Gauzak horrela, Global Innovation Index (GII), berrikuntza, garapenaren eta hazkunde ekonomikoaren eragile gisa, giltzarri dela aitortu du. Azterketak berrikuntza neurtzen du erakunde, giza kapital, azpiegitura, merkatuen garapena, ezagutza, teknologia eta sormenarekin lotutako 79 adierazletan oinarriturik. Sailkapenean ondoen kokaturiko lehenengo hamar ekonomiak Suitza, Erresuma Batua, Suedia, Finlandia, Herbehereak, Estatu Batuak, Singapur, Irlanda, Luxenburgo eta Danimarka izan dira. Guztiak ere, garapen eta bizi-kalitate handiko herrialdeak.

Horietatik zazpi, estatu txikiak dira, 10 milioi biztanle baino gutxiago dituztenak. Nesta britainiar berrikuntzaren agentzia horrelako lurraldeez ari da bere “When small is beautiful” paper-ean. GII-ekin bat dator leku horientzako garrantzitsua dela berrikuntzaren olatuan egotea, euren ideiak eta aukerak aprobetxatzea, teknologia eta berrikuntza bultzatzen dituzten gobernuak eta erakunde sendo eta malguak edukitzea esatean. Guztiek berrikuntza herrialdearen zeregina denaren zentzuarekin bizi dute. Nesta-k Euskadi lurralde txiki eta berritzaile horien artean sartzen du.

EUROPA 2020 ESTRATEGIA

Egoera ekonomikoaren lehenengo sintomak sumatu zirenean, Europak 2010-2020 hamarkadarako “Europa 2020 Estrategia” deituriko plan batez hornituz erreakzionatu zuen. Bertan, hiru lehentasun proposatzen dira:

  • Hazkunde adimentsua: ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako ekonomia garatzea. Horrek hezkuntzan, ikerketan eta berrikuntzan eta eraldaketa digitalean errendimendua hobetzea adierazten du.
  • Hazkunde iraunkorra: baliabideen erabilera eraginkorragoa, “berdeagoa” eta lehiakorragoa bultzatuko duen ekonomia sustatzea.
  • Hazkunde integratzailear: gizarteari eta lurraldeari lotuta egongo den enplegu-maila handiko ekonomia sustatzea.

Estrategiak “hainbat ekimen enblematiko” barnebiltzen ditu; horietako bat “Berrikuntzarako batasuna” da, hazkunde adimentsuari lotua eta ikerketara eta berrikuntzara bideratutako finantzaketa eskuratu ahal izateko baldintzak hobetzea xede duena. 2014tik 2020ra 80.000 milioi euro inguruko aurrekontuarekin hornituta, Horizonte 2020 Esparru Programa ekimen hori egikaritzeko giltzarri den tresna da.

Esparru Programa hori zientzia bikaina, industria lehiakorrak eta gizarte-erronkak zutabeetan oinarritzen da; gizarte-erronken artean honako hauek leudeke besteak beste: osasuna, bio-ekonomia, energia, garraioa, aldaketa klimatikoa, gizarte inklusibo berritzailea eta burutsua eta gizarte seguruak.

Horrela, Europa bere lehiakide nagusiei aurre egiteko prestatzen da, hots: Hego Korea, Estatu Batuak, Japonia, Txina, Brasil, India eta Errusia. Azken hiru horien erritmo berritzailea moteldu egin da azken hilabeteetan, baina Txina Europa zaharrari hurbiltzen ari zaio.

BERRIKUNTZAREN EKONOMIA

Testuinguru horretan, Euskadik, herrialde txikia, biztanle-dentsitate handikoa eta baliabide naturalik gabeak,“berrikuntzaren ekonomia” baterantz aurrera egitea aukeratu du, lankidetza publiko pribatuko epe luzerako proiektu bat sustatuz, Euskadi agertoki globalizatu batean lehiatuko den gizarte berritzaile bihurtzeko, enpresa-ehunaren lehiakortasuna gehituz.

Horrela, bere gaitasun berritzaileari dagokionez, Europako Batzordeko Innovation Union Scoreboard eta Regional Innovation Scoreboard-en arabera, Euskadi 27en Europako buruan dauden herrialdeetatik hurbil dago. Nafarroarekin batera, berrikuntzan nabarmentzen diren eskualde-taldean sartzen den autonomia erkidego bakarra da (bigarren taldea lautik), Europar Batasuneko eskualdeen bataz bestekoaren gainetik nabarmen dagoen kokapenarekin.

grafico-Panel-de-indicadores-de-innovación-(IUS)-y-Comisión-Europea

Iturria: Eustat –Berrikuntzaren adierazleen taula (IUS)- eta Europako Batzordea.

EUSKADI PLAN BAT DU

Hazkunde iraunkorra eta giza garapena Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean, Euskadi Europan ikerketaren eta berrikuntzaren erreferente bihurtzeko planean, hartutako konpromisoak dira. Hazkunde adimentsua, ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako ekonomiaren emaitza, espezializazio adimentsurako herrialdearen estrategiarekin hertsiki lotuta dago.

Enpresen, ikerketa-zentroen eta unibertsitateen arteko lankidetza eskatzen du Euskadiren lehiakortasuna handitzeko, hazkundea eta enplegua sortzeko produktu eta zerbitzu berriak sortzea ahalbidetuko duten balio erantsi handiko jarduerak identifikatuz.