Zer ikasi dugu

12 berrikuntza-ikasgai gure esperientziatik

01

Berrikuntza erdietsi nahi dugun gure etorkizun hobea eraikitzeko bidea da

Berrikuntza modu desberdinetara uler daiteke eta berrikuntzaren definizioa ere ez da bakarra. Guretzako berrikuntza norbanako, enpresa eta herrialdeok erdietsi nahi dugun gure etorkizun hobea eraikitzeko etengabeko gaitasuna da. John Kao jaunaren definizioa da; integratzailea eta lortu nahi dena erdiesteko asmoa adierazten duena dela deritzogu.

Berrikuntza gizarte-aurrerapenaren eta oparotasunaren eragile gisa ulertzen dugu, Euskadiko gizarte-erronkak eta erronka ekonomikoak eta ingurumenekoak ebazteko konponbideak eraikitzeko giltzarri den bidea. Horregatik, erronkentzako konponbiderik onenak eraikitzeko, berrikuntzaren dimentsio desberdinak modu eraginkorrean konbinatu behar dira, bai euren ezaugarrien ikuspuntutik (teknologikoa, ez teknologikoa, gizarte-…) bai bere iturburutik (erakunde pribatuak, publikoak, gizartea). Berrikuntza guztioi dagokigu. Ahaleginak, jarduerak eta emaitzak konbinatzea eta lerrokatzea izango da herrialde gisa etorkizun iraunkorra bermatuko digun bakarra.

Berrikuntza, hura erdiesteko xedeei eta haren bitartekoei dagokienez, etengabe ari da aldatzen. “Berrikuntza berritu behar dugu” hark ingurune aldakorrei erantzun dakien eta erdietsi nahi dugun etorkizuna etengabe eraikitzea ahalbidetu diezagun.

02

Epe luzerako ikuspegiaren eta epe laburrera izango dituen eraginen arteko beharrezko oreka

Innobasque-k epe luzerako ikuspegia berehalako eragin-ekintzekin konbinatzen du etorkizuneko xedeak erdiesteko. Ukiezinak sortzen ditugu, neurtzen zailak direnak, haiek eragiten dituzten onura sozialez eta ekonomikoez jabetuz.

Batzuetan, berrikuntza-proiektuen ezaugarriek, emaitzak epe luzera izango dituztenak, zaildu egiten dute eragileen tentsioari eta inplikazioari epe laburrera eustea. Beraz, ona da proiektu horiek eta epe luzerako helburuak berehalakoagoak izango diren arrakasta txikiekin konbinatzea horiek nahiz prozesuekin nahiz bitarteko emaitzekin lotuta egon.

Horregatik, baliabideen zati bat emaitza azkarrak (quick wins) sortzeko gai diren proiektuetara bideratzea gomendatzen da, horretarako, aurrerapen-aukera nabarmenak dituzten ekimenak aukeratuko dira. Horrela, berrikuntza-proiektuetan sartuta dauden ekipoen konfiantza, ilusioa eta legitimitatea handitu egiten dira.

03

Berritzea arriskuak hartzea da

Berrikuntza arriskua da eta esploraziora eta ikaskuntzara irekitako guneak eta inguruneak erabilgarri edukitzea behar du eta, bertan, konfiantza-giroa nagusi izatea. Ziurtasuna, malgutasuna, ilusioa, irmotasuna eta ausardia giltzarri izango dira.

Berrikuntza ezin da kontrolatu ez iragarri. Proiektu berritzaileen ezaugarriek, helburuetan eta gauzatzeko moduan nolabaiteko arriskuarekin, plangintza zaildu egiten dute. Beraz, komenigarria izango da testuinguru eraginkorragoak sustatzea, non, hasierako faseetan –ziurgabetasun handieneko faseetan– aukera-kostu txikiak edukiko dituzten ekimenak jaurti ahal izango diren.

Arrisku-baldintza horiek beren gain hartzeko prest dauden ekipoak eraikitzea komeni da, prozesutik nahiz emaitzetatik balioa ateratzeko gai izango direnak. Halaber, autokritika-gaitasuna duten erakundeak eta hutsegiteen aurrean tolerantzia handia duten inguruneak ezinbestekoak izango dira.

Arriskuen eta irteera-estrategien kudeaketa egokia planteatzea ezinbestekoa izango da beharrezkoa izanez gero proiektuak birbideratzeko edota bertan behera uzteko erabakia hartzeko.

04

Lankidetza baliabide-iturri agortezina da

Lankidetza eraginkorra ez da berehalakoan lortzen, baizik eta, ahalegin, konfiantza eta eskuzabaltasunean inbertsio handia eskatzen duen prozesua da. Nahiz eta bide hori beti azkarrena izan ez, anbizio handiagoko helburuak erdiestea eta urrunago iristea ahalbidetzen digu.

Kooperazioak baliabideen erabilera eraginkorragoa ahalbidetzen duela egiaztatu dugu izaera desberdineko (teknologikoak, ekonomikoak, erlaziozko kapitala eta abar) baliabide berriak erakartzeko eta haietara iristeko beharrezkoak diren sinergiak eta masa kritikoa sortzen dituelako.

Hori nabarmena da lankidetza konponbide berritzaileen eskaritik nahiz haien eskaintzatik datorren ekimenetan. Alabaina, lankidetza-prozesuen hasierako uneetan zalantza- eta ziurgabetasun-sentimendu konpartitua egon daiteke, horrelako ekimenei loturik doan aurrikusgarritasunik ezak, praktikan, aurreikusitakoak baino ahalegin handiagoak eskatzen baititu. Hala eta guztiz ere, ahaleginak merezi du.

05

Helize laukoitza, berrikuntza-prozesuen eragilea

Guretzako, berrikuntzaren alderdi desberdinak gehitzeko eta kooperazioari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko modurik onena helize laukoitza (enpresak, eragile zientifiko teknologikoak, gizartea eta administrazioa) osatzen duten osagaien arteko lankidetza sustatzea da. Horrek lana egiteko eta herrialdeko erronketara hurbiltzeko modutzat duen gaitasunean sinisten dugu, xede komun batek batu dituen eskumen, gaitasun, profil eta esperientzia desberdinak dituzten ekipoekin.

Guztiok berritu dezakegu gizartean, oro har, eragina izango duten eta hura eraldatuko duten gizarte-harreman eta lankidetza-eredu berriak sortzeko. Aniztasunak sinergiak sortzeko aukera ematen digu, baita, hasiera batean aurreikusi ez zirenak sortzeko ere eta, batzuetan, hasierako xedearekin zuzenean loturik ez daudenak sortzeko ere bai.

Eraldatze-proiektuek publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren bitartez aurkitzen dute oinarri sendoa eta etorkizun oparoa, emaitzak merkatura eta gizartera modu iraunkorrean eramateko aukera gehiagorekin. Hori da Innobasque-k defendatzen duen eredua. Horregatik, lankidetza-bide berrietan sakontzen eta helize laukoitzeko kide desberdinen arteko itunak ehuntzen jarraituko dugu bai Euskadin bai handik kanpo.

06

Berrikuntzaren Euskal Sistemak lidergo estrategikoa behar du maila gorenean

Azken urteetan, Zientzia, Teknologia, Ikerketa eta Berrikuntza politikak Euskal Sistemako gobernantza-eredua bilakatu egin da, lidergo estrategikoa maila gorenean lortzera bideratua.

Zientzia-, teknologia-, ikerketa- eta berrikuntza-politikak Lehendakaria du buru, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak aholkatuta. Organo hori honako hauek osatzen dute: Lehendakaritzak; Eusko Jaurlaritzako Ogasun, Hezkuntza, Garapen Ekonomikoa eta Lehiakortasuna eta Osasun Sailetako sailburuek; hiru euskal unibertsitateetako errektoreek; hiru foru aldundietako diputatu nagusiek; Tecnalia-k; IK4 Research Alliance-k; Idom-ek; CAF-ek; CIE Automotive-k; Iberdrola-k; Ikerbasque-k; Jakiunde-k eta Innobasque-k.

Horrela, sistema osoaren ikuspegia lortzen da, zatikatutako ikuspegien edo sailen ikuspegien gainetik, zientzia, teknologia, enpresa eta gizartearen arteko lankidetza sustatuz, Euskadiko erronkak elkarrekin konpontzeko.

Behin betiko estrategia sistema osoaren eraginkortasuna, bikaintasuna eta merkatuarekiko hurbiltasuna hobetzera bideratuta dago, eragileen arteko lankidetza sustatuz gure lurraldearen baitan nahiz handik kanpo.

07

Parte hartzeak berrikuntza-politiken diseinuan, hedapenean eta balioztatzean duen garrantzia

Lehenengo aldia da Euskadin espezializazio adimendunerako estrategia orokorra planteatzen dela, horretarako, prozesuko fase guztietan, diseinutik eta hedapenetik hasi eta balioztapenera, erakunde publikoen eta pribatuen parte-hartzea eta lidergoa edukiko da.

Horren ondorioz, ikerketako eragileek euren espezializazioan aurrera egiten dute eraginkortasunean hobekuntzak bilatuz, emaitzak enpresetara eta gizartera eramateko beste eragileekin euren lankidetza indartzeaz gain.

Horretaz gain, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek ingurunean, tokikoan nahiz nazioartean, gertatzen diren aldaketak behatzen dituen estrategia propioa dute eta horrek ekoizpen-ehuneko eta gizarteko behar berrietara egokitzea ahalbidetzen die.

Halaber, ikerketan eta berrikuntzan egindako inbertsioen emaitzak eta eragina neurtzeko baliozkotze-metodologia bat garatzen ari da; izan ere, “neurtzen ez dena ezin da hobetu”. Garrantzitsua da azken emaitzak eta tartekoak neurtzea, prozesuak baliozkotzea eta erabaki azkarrak eta bideratuak hartzeko prest egotea, Berrikuntzaren Euskal Sistemaren beraren balio-ekarpena hobetzeko.

08

Ikaskuntza berrikuntza-prozesuetan emaitza gakoa

Gauzatutako proiektu eta ekimen gehienetan, prozesuaren ikaskuntza bera lortutako amaierako emaitza bezain garrantzitsua izan da. Ikastea, beraz, zeregin erabakigarria da.

Berrikuntza-prozesuetan sortutako ezagutza tratatzea beharrezkoa da ezagutua eta hedatua izan dadin eta ekimen berrietarako balio eta ikaskuntza bilaka dadin. Ezagutzaren eta berrikuntzaren erakunde guztiok ildo horretatik lanean jarraitu beharra dugu.

Horretarako, ikasitakoa ahazten ikastea da lehenengo urratsa, adimena irekita edukitzea gauzak betidanik egin izan diren modu tradizionala zalantzan jartzen duten paradigma berriak onartzeko; buruko eskemak apurtzea ezagutza berri bat eraikitzen eta geureganatzen hasteko.

09

Berrikuntzaren kultura zabaltzea etorkizunerako inbertsioa da

Berrikuntza kutsatu egiten da. Horregatik da garrantzitsua emaitzak jakinaraztea eta konpartitzea eta narratiba sendo bat hornitzea, berrikuntzan erdietsitako lorpen txikiak eta handiak barnebilduko dituena, jende desberdinarengana iritsiko dena, epe luzerako emaitzei –askotan lortzea kosta egiten direnak– bidea urratuko dietenak. Aurrerapen txikiak eta handiak elkarrekin ospatu behar ditugu, arrakasta parte hartu duten erakunde eta pertsona guztiekin eskuzabaltasunez konpartituz.

Berrikuntzak izan behar duen itxura gure esku dago, euskal gizarte osoaren esku. Eta, Euskadin, berrikuntzak gure hazkunde-eredua elikatzen du. Ugariak dira euren jarduera berritzailea ezagutzera emateko jarduerak sustatzen dituzten eragileak eta, ugaria ere, haien entzuleak.

Euskadik lurralde berritzaile gisa duen irudiari entzutea emateko ahaleginak itzulkin sozialak eta ekonomikoak ditu, herrialde aurreratuaren ereduarekin konpartitutako konpromisoa nabarmendu egiten duelako, Berrikuntzaren Euskal Sistemaren lorpenak aitortzen dituelako eta epe luzerako inbertsioei babesa ematen dielako, baita atzeraldi ekonomikoko zikloetan ere. Testuinguru horretan, markak berrikuntzarako aktibo bat dira eta Innobasque marka ezaguna da, Euskadi lurralde berritzaileen artean kokatzen duena.

10

Berrikuntza Administrazioaren gobernantza hobetzeko giltzarri da

Gardentasunean eta parte-hartzean oinarritutako gobernantza-eredu berriak erabakigarriak dira konpartitutako balioaren sorrera maximizatzeko. Gero eta beharrezkoagoa da Administrazioak eta gizarte zibilak erantzukizunkidetzatik elkarlanean jardutea, jarduera publikoaren eraginkortasuna hobetuko duten eta haren legitimitatea sendotuko duten elkarrizketarako, negoziaziorako eta akordiorako mekanismoak ezarriz.

Informatutako herritarrak trebatutako herritarrak dira. Baina informazioa argitaratzea ez da nahikoa. Informazioa modu irisgarrian eta berrerabilgarrian aurkeztu behar da, interpretazio gehiago hartzeko gai ez izatearen neurriraino murriztu gabe.

Bestalde, jarduera publikoan gizarte zibilaren ikuspena barneratzea aldaketarako espektatibak sortzea da eta, behar bezala kudeatu ezean, erakundeen sinesgarritasuna higatu egiten da.

11

Europak Euskadi sendotzen du eta Euskadik Europa sendotzen du

Europan presentzia aktiboa edukitzea ezagutza berriaren eta finantzaketaren iturri da eta, baita, herrialde berritzaile gisa kokatzeko tresna ere.

Ekonomia globalizatu batean, non, garatzeko bidean dauden herrialdeek eskari orokorreko eta produktu eta zerbitzu berrien ekoizpeneko gune gisa garrantzia hartzen duten, Europak bere lehiarako abantailei eutsi nahi die talentua erakartzeko eta ezagutza aurreratua sortzeko polo orokor gisa.

Europak, berrikuntza arloan, baliabide- eta esperientzia-sorta zabala eskaintzen du: jardunbide egokiak, kolaboratzaile potentzialak, finantzaketa publikoko programak eta abar. Euskadi ekarpen handia ari da egiten.

Berrikuntzan lider diren eskualdeekin bat egiteko helburuarekin, proiektu europarretan Euskadiren parte-hartzea eta lidergoa sendotzen ari da, Horizonte 2020 planean sortzen ari diren ekimen estrategiko garrantzitsuek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatuz.

12

Berrikuntzak baikortasun- eta gogo-dosi handiak eskatzen ditu

Deskubritzeko, berritzeko eta zerbait berria sortzera arriskatzeko, beharrezkoa da izaera irekia, etorkizunean, ingurunean eta norbere gaitasunetan zein elkarlanean egindako lanaren potentzialean konfiantza.

Innobasque-n baikortasun adimenduna ekosistema berritzaileetan ezinbesteko osagaia dela uste dugu eta jarrera horrekin dihardugu lanean.